domingo, 27 de diciembre de 2009

Zalantzak argitu nahian

Anorexia nerbiosoa diagnostikatu zaion neskak derrigor behar al du eritetxeren batean ingresatu tratamendua jasotzeko, edota etxean har al dezake tratamendua?
Ondotxo frogatu da famili girotik aldentzea, eta zentru egoki batean ingresatzea, ezinbesteko baldintza dela anorexia nerbiosoaren tratamenduak emaitza onak eduki ditzan. Bestalde, gorputzeko erasanak eta pisu-galerak ere hobeto tratatuko dira ospitaleko giroan etxeko giroan baino.

Betidanik izan naiz jangartua eta oso argala ... Horrek ba al du inolako zerikusirik anorexia nerbiosoarekin?
Bereizi beharra dago. Batetik gutxi, baina beren gorpuzkera eta iharduerarekin behar adina jaten duten pertsonak daude. Hauetan ez dago inolako transtornorik; elikadura gorputzaren premietara egokitua bait dago. Beraz, ez dago kezkatzeko arrazoirik.

Seme edo alabaren bat horrela hasten denean (triste, ia ez du ezer probatzen, etab.) gogor egiteak eta jatera derrigortzeak ezertarako balio al du?
Ia seguru, jarrera hori kontrakoa izango da. Lehen-lehenik seme-alaba horrekin harreman eta komunikazio ona lortu behar litzateke, horrela arazoaren gakoa non dagoen jakin ahal izateko. Gurasoen jarrera gogor eta autoritarioak baztertu egin behar dira noski, biktima-sentsazio hori ez areagotzeko.

Ama anorexiko batengandik, alabak denborarekin gaixotasun bera jasoko al du?
Berez, herentzia genetikoak zeregin handia du jatorri psikikoa duten gaixotasunetan. Baina gaur egun, zehaztuz, anorexia ez dela heredatzen esan daiteke, aurrejoera bat egon badagoen arren... Alabak amaren jokamoldeak kopiatzen baditu, dudarik ez, arriskua egongo da, baina ez da ezinbesteko baldintza; gurasoak eta seme-alabak beti-beti erabat berdinak ez bait dira izaten.

Noiz kontsidera daiteke pertsona anorexia nerbiosotik erabat sendatuta dagoela? Normalean, jateko orduan jaten duenaren kantitateaz eta bere pisu-irabaziaz arduratzen ez denean. Jatorduak gorakoen bidez kanporatzen ez dituenean —nahita, edo nahi gabe—, eta hilerokoa (emakumea denean) normalizatzen denean. Baina, batez ere, gaixotu zuen problema edo transtornoa onartu eta asimilatzen duenean.

Esan al daiteke anorexia suizidio gisako bat dela?
Esaldi hori nahikoa egokia da. Anorexikoak mundu osoari, bere bizitzan ongi ez dabilen zerbait badela oihu egiten dio. Horixe da, bere modura, ez dagoela ados esateko erabiltzen duen bidea. Eta horrexegatik behar du anorexikoak laguntza psikologikoa; gaitza eragin dion ondoez hori bideratu eta ahal izanez gero konpontzen lagunduko diona.

.

No hay comentarios:

Publicar un comentario